Ohiko galderak

    Hurrengo FAQek edo ohiko galderek, Arreta Soziosanitarioari buruz sor daitezkeen zalantza nagusiak azkar argitzea dute helburu.

    Hurrengo erantzunek ez badizute behar duzun informazioa ematen, gurekin harremanetan jar zaitezke kontaktua-n agertzen den formularioaren bidez zure kontsulta helaraziz.

    Arreta Soziosanitarioa

    Arreta soziosanitarioa eremu estrategikoa da EAEn, eta helburu du arreta-sistema edo -maila desberdinetako profesionalen koordinazio asistentziala handitzea, erantzun bateratua eman diezaieten biztanle-talde jakin batzuen beharrei.

    Gizarte Zerbitzuei buruzko abenduaren 5eko 12/2008 Legeak arreta soziosanitarioaren definizio oso egokia ezartzen du, arreta soziosanitarioa honako hauek osatzen dutela adierazten baitu:

    «Osasun-arazo larriak direla-eta, edo eginkizunen arloko mugak direla-eta, eta/edo gizartetik bazterturik geratzeko arriskua dela-eta, pertsona batzuek behar dituzten zainketek osatzen dute arreta soziosanitarioa, osasun-arreta eta gizarte-arreta aldi berean biltzen dituena, koordinatua eta egonkorra, arreta jarraituaren printzipioarekin bat datorrena».

    Arreta soziosanitarioak pertsonak jartzen ditu erdigunean; bereziki, haien egoera berezia dela-eta esku-hartze estrategikoaren xede-kolektibotzat hartzen direnak. Kolektibo horiek, besteak beste, mendekotasun-egoeran, desgaitasun-egoeran edo gizarte-bazterketan egon ohi dira, batzuetan aldi berean, eta diziplinarteko esku-hartzea behar izaten dute. Xede-taldearen xehetasunak hemen kontsulta ditzakezu.

    Ekosistema soziosanitarioaren ezaugarri nagusia sistemen arteko harremanen konplexutasuna da; batik bat, sistema sozialaren eta sistema sanitarioaren arteko harremanena —aldizka, beste sistemak ere sartzen dira (hezkuntza, lan arloa, justizia, etab…)— eta sistemako eragileen artekoena (premia soziosanitarioak dituzten pertsonak artatzen dituzten profesional sozial eta sanitarioak).

    Erakunde mailan, arreta soziosanitarioa lankidetza-esparru baten arabera antolatzen da. Horrek eskatzen du lehen eta bigarren mailako arreta soziosanitarioaren ardura duten EAEko administrazioak koordinatzea, hala sistemaren beraren barnean nola sistemen artean.

    Hauxe da erakunde-mapa:

    • 252 Udalak
    • 3 Foru-Aldunaldiak
    • 1 Administrazio Autonomikoak

    Arreta soziosanitarioaren egitura funtzionala osatzen dute hainbat organo erabakitzailek eta koordinazio soziosanitarioko figurek, eta horiek eratzen dute EAEko gobernantza soziosanitarioa.

    Horrez gain, Eusko Jaurlaritzan, Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritza dago 2021az geroztik, osasun-sistemen eta gizarte-zerbitzuen arteko koordinazioa sustatzeko.

    Informazio gehiago nahi izanez gero, kontsultatu Euskadiko gobernantza soziosanitarioari buruzko abenduaren 7ko 150/2022 Dekretua.

    Koordinazio soziosanitarioaren esparru-protokoloak

    Esparru-dokumentuak dira eta honako hau dute helburu: sinatzen duten erakundeen arteko lankidetza-hitzarmena gauzatzea eta koordinazio soziosanitarioaren oinarrizko alderdiak formalizatzea, eta haietan haren hedapena eta berrikuspena barne hartuta, besteak beste.

    Koordinazio soziosanitarioko prozedurak

    Eremu operatibo batetik arlo sozial eta sanitarioaren arteko koordinazio-modu espezifikoak artikulatzeko balio duten jarduerak edo esku-hartzeak definitzen dituzten dokumentuak dira, tokiko premia zehatzei, sortzen ari diren beharrei edo xede-kolektibo jakin batzuei zuzenduta daudenei erantzuteko.

    Arreta soziosanitarioko taldeentzako gida-protokoloa

    Lehen mailako arretako kasu soziosanitarioak koordinatzeko eta kudeatzeko protokoloa egiteko prozedura deskribatzen du.

    Arreta soziosanitarioko lurralde-plan operatiboak egiteko gida

    Lurralde-arloko koordinazio soziosanitarioaren esparruan plan eragilea egiteko informazioa ematen du.

    Euskadiko baliabide soziosanitarioen katalogoa

    EAEko baliabide soziosanitarioen informazio egituratua jasotzen du.

    Euskadiko Erreferente Soziosanitarioen Gida

    Erreferente soziosanitarioaren figura deskribatzen du, eta erakunde bakoitzeko erreferentziazko profesionalak identifikatzen ditu kasu soziosanitarioak koordinatzeko.

    Euskadiko Gobernantza Soziosanitarioaren Dekretua. Komunikazio-Gida

    Dekretuan jasotako funtsezko informazioa laburbiltzen du, errazago ulertzeko eta erakunde.

    Baimen informatuari buruzko gida balioaniztuna

    Araudiari buruzko aholkularitza ematen du, informazio soziosanitarioaren truke segurua egiten dela ziurtatzeko, Datuak Babesteari buruzko Lege Organikoak ezarritako parametroen arabera.

    Faqs: Agente hornitzaileak eta koordinazio-mekanismoak

    Agente hornitzaileak eta koordinazio-mekanismoak

    Gizarte eta osasun arloko premiak artatzeko, pertsonen osasunean eta ongizatean esku hartzen duten profesionalek lankidetza-prozedurak zehaztu behar dituzte, esku-hartze bateratuak eta erantzun koordinatuak indartzeko.

    Arreta soziosanitarioaren emailetzat har daiteke, oro har, arlo sanitarioko edo gizarte-zerbitzuen eremuko edozein profesional —kasu misto bat artatzeko eta kudeatzeko koordinatzen dena—. Dena dela, arreta soziosanitarioa ikuspegi funtzional eta asistentzialetik antolatzeko asmoz, Euskadiko gobernantza soziosanitarioari buruzko abenduaren 7ko 150/2022 Dekretuak eremu soziosanitarioan funtsezkoak diren figura batzuk arautu eta finkatu zituen. 

    Dekretu horretan jasotzen denaren arabera, figura horiek ez dira egiturazko figurak edo figura sortu berriak; aitzitik, kasuaren kudeaketa partekatuan eskumen espezifikoak dituzten profesionalak dira, kasuan kasuko erakundeak horretarako izendatuak

    Zehazki, lan koordinatu horren ardatza dira diziplina anitzeko arreta-taldeak eta koordinazio-figurak.

    1. Lehen Mailako Arreta Soziosanitarioko taldeak
    2. Arreta Goiztiarreko Balorazio Taldeak (AGBT)
    3. Erreferente soziosanitarioak
    4. Hurbileko erreferenteak
    5. Erkidegoko Koordinatzaile Soziosanitarioa
    6. Lurraldeko Koordinatzaile Soziosanitarioa
    7. Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritza

    Hainbat sektore eta erakundetako eragile ugarik esku hartzen dutenez, eta EAEko administrazio publikoaren eskumen-banaketa berezia denez, arreta soziosanitarioak erakundearteko egitura konplexua du. Euskal Autonomia Erkidegoan, maila guztietako erakunde esku-hartzaileen arteko koordinazio-eredua aukeratu da. 

    Ildo horretan, 150/2022 Dekretuak ahalegina egiten du EAEko gobernantza soziosanitarioa harmonizatzeko. Horretarako, arkitektura instituzionala antolatzen du koordinazio- eta erabaki-organoetan oinarrituta (erakundearteko kontseilu eta batzorde gisa eratzen dira).

    Erkidegoko organismoak

    • Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritza
    • Arreta Soziosanitarioko Euskal Kontseilua

    Lurralde-organoak

    • Lurraldeko Kontseilu Soziosanitarioak
    • Lurraldeko Batzorde Soziosanitarioa

    Eskualdeko organoak

    • Eskualdeko Batzorde Soziosanitarioa

    Kasu soziosanitario bat aztertzen denean, eragile askok hartzen dute parte prozesuan, eta aldagai asko hartu behar dira kontuan, pertsonarengan eta haren ingurunean identifikatutako premiei erantzun ahal izateko. 

    Horregatik, esku-hartzearen metodologia osasun-sistemaren eta gizarte-zerbitzuen sistemaren artean partekatutako kasu-kudeaketa batean oinarritzen da. Kasu soziosanitarioaren kudeaketa partekatu horretan sei fase daude:

    1. Kasua identifikatzea eta aztertzea
    2. Baimen informatuaren eskaera
    3. Kasuaren balorazio soziosanitarioa
    4. Kasuaren esku-hartze koordinatua
    5. Baliabideak eta zerbitzuak bideratzea
    6. Kasuaren jarraipena

    Faqs: Elkarreragingarritasun Soziosanitarioa

    Elkarreragingarritasun Soziosanitarioa

    Elkarreragingarritasuna datuak partekatzeko eta informazioa eta jakintza trukatzeko gaitasuna da; kasu honetan, informazio-sistemen artean eta horien prozeduren artean.

    Elkarreragingarritasuna, beraz, beharrezkoa da honako hauetarako:

    • Lankidetzarako, garapenerako, integraziorako eta administrazio publikoek zerbitzuak elkarrekin emateko.
    • Hainbat politika publiko exekutatzeko.
    • Hainbat printzipio eta eskubide gauzatzeko.
    • Teknologia transferitzeko eta aplikazioak berrerabiltzeko, efizientzia hobea lortze aldera. 
    • Zerbitzu berriak gaitzen dituzten aplikazioen arteko lankidetzarako. 
    • Horrek guztiak administrazio elektronikoaren eta informazioaren gizartearen garapena errazten du.

    Elkarreragingarritasunaren erronkei aurre egiteko, EAEko administrazio publikoek gobernantza-tresna hauek izan dituzte:

    • Euskadiko Historia Soziosanitario Elektronikoa (EHSSE) baliabide soziosanitario gisa hartzen da, eta, beraz, baliabide soziosanitarioen katalogoan jasota dago, zehazki, baliabide soziosanitario instrumental gisa.
    • Zerbitzu teknologikoak kontratatzeko eta gauzatzeko, EJIE - Eusko Jaurlaritzaren Informatika Elkartea da bazkide estrategikoa.
    • Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak Elkarreragingarritasunerako Bulego Teknikoa dauka, Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritzari atxikia, elkarreragingarritasunari laguntza estrategikoa eta funtzionala emateko.

    Elkarreragingarritasun Soziosanitarioko Batzorde Teknikoa gobernantza-organo gorena da. Arreta soziosanitarioan parte hartzen duen erakunde guztiek, ordezkari funtzional batek eta ordezkari teknologiko batek osatzen dute.

    EHSSE proiekzio estrategiko handiena duen proiektuetako bat da, eta hainbat sorospen-eremu eta -mailatako profesional askok parte hartzen dutelako nabarmentzen da.

    Proiektu honen abiapuntua beste ikerketa-proiektu bat da, «Informazio-sistema soziosanitarioen elkarreragingarritasuna. Adostutako tresna bat hautatzea» izenekoa. Bertan, InterRAI Contact Assesment (CA) tresna hautatzen da etorkizuneko EHSSEren ardatz izateko, informazio soziosanitario komun eta egiaztatua lortzeko gaitasunean eta arreta-plan indibidualizatuak osatzeko ahalmenean oinarrituta. 

    Dena den, 5 urtez hedapen-lan handia egin ondoren, hartze-maila ez da gutxieneko bideragarritasunera iristen, eta ondorio argi bat ateratzen da: profesionalek kanpoko sistema bat izango balitz bezala bizi dute tresna berria, informazioa eta denbora bikoiztera behartzen dituena, beren ohiko informazio-sistemetan egiten dutenaz gain. 

    Azken urteotan ikasitakoak ondorioztatzera garamatza elkarrekin konektatu behar direla profesionalek egunero erabiltzen dituzten informazio-sistema korporatiboak, informazioa partekatzeko, modu koordinatuan lan egiteko informazioa helburuarekin.

    Orrialde hau partekatu

    • x
    • linkedin