Euskal Autonomia Erkidegoko Lehen Mailako Arretako Interkontsulta Soziosanitarioaren (ISS) lehen jarduera-txostenak 2026ko lehen seihilekoko datuak biltzen ditu. Tresna hori Eusko Jaurlaritzako Osasun Saileko Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritzak sustatzen du, Euskadiko Arreta Soziosanitarioko Estrategiaren esparruan, eta osasuneko eta gizarte-zerbitzuetako profesionalen arteko koordinazioa errazten du. Dagoeneko martxan dago 105 udalerritan, Osakidetzako 6 Erakunde Sanitario Integratutan eta udaleko 27 gizarte-zerbitzutan.
Interkontsulta soziosanitarioak aukera ematen die Lehen Mailako Arretako eta Gizarte Zerbitzuetako profesionalei beste sistemari informazioa edo laguntza arin eta seguru eskatzeko, premien detekzio goiztiarra hobetuz eta arretan bikoiztasunak saihestuz. Araban eta Bizkaian maiatzean hasi zen hedapenarekin eta Gipuzkoan abian den plangintzarekin, GSIN tresna estrategiko gisa finkatu da Euskadiko pertsonengan oinarritutako arreta soziosanitario integratu baterantz aurrera egiteko.
Tresna hori martxan jarri zenetik lehen seihileko honetan, 2026ko urtarriletik ekainera bitartean, guztira 343 interkontsulta soziosanitario egin dira EAEn. Araban kontzentratu zen bolumen handiena, 182 ( % 53); ondoren Bizkaian 131 ( % 38) eta Gipuzkoan 30 ( % 9). Interkontsulten % 53,9 osasunetik sortu ziren, eta % 46,1 gizarte-esparrutik; horrek bi sistemen inplikazio orekatua islatzen du. % 84,3 helduei dagokie eta % 15,7 adingabeei.
Txostenak nabarmentzen du erantzundako interkontsulten % 66,5 7 egun edo gutxiagoko epean ebatzi zirela: % 42,9 2 egun baino gutxiagoan eta % 23,6 3 eta 7 egun artean.
Gainera, 343 interkontsulta horiek erregistratutako 457 arrazoirengatik hasi ziren, eta arrazoi horiek 8 kategoriatan antolatuta daude. Kontsulta gehien kategoria hauetan egin ziren: "Arrazoi soziosanitarioak" (204 kasu), "Arrazoi pertsonalak" (219) eta "Arrisku soziala adingabe eta nerabeetan" (64). Beste kategoria batzuetan ere egin ziren interkontsultak: "Etxebizitza eta bizikidetza" (34), "Adinekoen aurkako tratu txarrak" (11), "Arrazoi ekonomikoak" (10), "Genero-indarkeria" (7) eta "Arrazoi juridikoak" (4).

