Euskadiko Erreferente Soziosanitarioen II. Topaketa
Bilbao Exhibition Centre, 2023ko urriaren 26a

Adinekoen egoitza-arreta soziosanitarioa. Pandemiaren osteko begirada
2023ko urriaren 26an, Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailaren Arreta Soziosanitarioko Zuzendaritzak Euskadiko Erreferente Soziosanitarioen II. topaketa antolatu zuen Bilbao Exhibition Centre-eko Auditorioan.
Jardunaldia foro tekniko gisa aurkeztu zen, non ehun profesional baino gehiago bildu ziren, eta horietako asko eta asko Euskadiko lehen mailako arreta soziosanitarioko profesionalak ziren: udaletako, gizarte-zerbitzuen mankomunitateetako eta Erakunde Sanitario Integratuetako eta Osasun Mentaleko sareetako osasun-zerbitzuetako (Osakidetza) erreferenteak, Euskadiko Udalen Elkarteko (EUDEL) ordezkariak, hiru foru aldundietako arduradunak, Berdintasun, Justizia eta Gizarte Politiketako Sailaren Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzako arduradunak, osasun mentaleko hiru sareak, Osakidetzako Lehen Mailako Arretako eta Erizaintzako zuzendariordetzatako arduradunak, erakunde sanitario integratuetako arreta integratuko zuzendaritzetako ordezkariak, eta Kronikotasunaren Arretarako Zerbitzuko (Osakidetza) arduradunak ere bai, besteak beste.
Topaketa, halaber, bizitza aktibotik dagoeneko erretiratuta dauden lankide ezagunak biltzeko ere izan zen, ekarpen bikaina egin baitiote, eta egiten ari dira, arreta soziosanitarioaren garapenari.
Bigarren jardunaldi honen aurretik, Euskadiko Gobernantza Soziosanitarioari buruzko 150/2022 Dekretua onartu zen 2022ko abenduan. Dekretua onartu izanak, eta, batez ere, kontsultarako eta partaidetza soziosanitariorako organoak eratzeak, bultzada handia eman du erreferentearen figura hedatzeko, guztira 150 erreferente zenbatu baitira EAE osoan. Nabarmenena gizarte-zerbitzuetan izan duen hedapena izan da, izan ere, 2021ean 77 erreferente izatetik, 2023an 115 izatera igaro dira, eta, batez ere, Gipuzkoan, 2021ean halako bi baitira, ia-ia, orain (37tik 66ra).
Hala, bada, erreferente soziosanitarioen partaidetza nabarmen igo da bigarren jardunaldi honetan, eta profesional horiek koordinazio soziosanitarioan egiten duten funtsezko lana ikusarazteko balio izan du.
Hainbat lurralde eta sektoreetako profesional erreferenteei aitortza egiteko eta elkarren artean kontaktatzeko egokia litzatekeen topaleku bat bilatze aldera, aurrez aurre egin zen foroa, gertutasun-formatuan, non ekimenenak azaltzeko eta eztabaidarako hainbat mahai aurkeztu ziren.
Lehenengo edizioan, lege-proiektu zen Dekretuaren aurretiko zereginen ingurukoak landu ziren; joan den urriaren 26an, berriz, Dekretua onartu ondorengo lana aurkeztu zen, hau da, bertan arauturiko organo eta koordinaziorako figura guztien hedapena. Horretarako, Catarina Pazek (Euskadiko koordinazio soziosanitarioaren lantaldeko teknikaria) marko horretan garaturiko lana aurkeztu zuen, eta, harekin batera, Gipuzkoako lurraldekako koordinatzaile soziosanitarioen (Arantxa Aiartza eta Ana Calvo) esperientziak ere aurkeztu ziren: Gipuzkoan eskualdetako batzorde soziosanitarioak sortzeko prozesuan izandako ontasunak eta zailtasunak azaldu zituzten.
Ondoren, Lucía Iñigok (Euskadiko koordinazio soziosanitarioaren lantaldeko teknikaria) koordinazio soziosanitariorako instrumentuak azaldu zituen (marko-protokoloak eta koordinazio soziosanitariorako prozedurak), horiei buruz egindako azterlan baten alderdi nagusiak erakutsita. Halaber, berekin ziren mahaian, Arabako lurraldeko koordinatzaile soziosanitarioak ere (Esther Astola ea Amaia Sáenz de Ormijana), zeinak instrumentu horiek Araban lantzeko, onartzeko eta zabaltzeko izandako esperientzia azaldu baitzuten, eta erreferenteek horretan daukaten zeregina ere bai.
Hirugarrenik, elkarreragingarritasun soziosanitarioaren alorrean izandako aurrerapenak ere erakutsi ziren, eta egiten ari diren proiektu bat aurkeztu zuten. Proiektua, hain zuzen, Gernikaldeko eskualdean ari dira pilotatzen, eta osasun- eta gizarte-alorreko profesionalak biltzen ditu, zerbitzu arteko kontsulta soziosanitarioaren inguruan. Mahai horretako gidari izan ziren elkarreragingarritasun soziosanitarioaren arduradun Alfredo Alday jauna, Gernikako Ospitaleko eta Gernikako Kudeaketa Integratuko Unitatearen arduradun Iñaki Laboa jauna eta Busturialdeko Mankomunitateko erreferente soziosanitarioa eta koordinatzaile teknikoa den Nerea Llantada andrea.
Azkenik, eztabaidako azken mahaian, esperientzia eta ikuspegi berritzaileak aurkeztu ziren, EAEko adineko pertsonen egoitzetako arretaren eredua eraldatzeko diseinaturikoak. Hala, Bilbo inguruko egoitzetako koordinazio sozial eta sanitarioan ardazturiko proiektu baten pilotatze-emaitzak partekatu zituen Bizkaiko lurraldekako koordinatzaile soziosanitarioa eta Bizkaiko Foru Aldundiaren Iraupen Luzeko Zainketetarako Trantsizio Planaren koordinatzaile den Lourdes Zurbanobeaskoetxea andreak, eta, batez ere, hauek nabarmendu zituen: egoiliarren bultzada, erabakiak eta zainketak aurrez planifikatzeko, eta zentro parte-hartzaileek emandako arreta pertsonalizatua.
Bizkaiko lurraldeko koordinatzaile soziosanitarioa eta Santa Marina Ospitaleko (Osakidetza) zuzendari medikoa den Ramón Herrería jaunak proposamen bat aurkeztu zuen, egoitzekin koordinatzeko, alegia, zainketen trantsiziorako taldeak (ZTT) martxan jartzea, ospitalean egon eta gero egoitzetara itzultzen diren pazienteentzako.
Hirugarren eta azken blokean, Vitoria-Gasteizko Udalekoek Gasteizko adineko pertsonei oinarrizko gizarte-zerbitzuetan eskaintzen zaien arretak izandako eraldaketaren berri eman zuten. Hiru esperientzia azaldu zituzten: adineko pertsonei eta haien familiakoei oinarrizko gizarte-zerbitzuek etxean eskaintzen dien arreta hobetzeko esperientzia pilotu bat, eguneko arretako zentroetan egindako aldaketak, eta etxebizitza komunitarioetako arretaren eredua eta “Osasuna auzoan dabil” izeneko esperientzia.
Topaketa labur-labur amaitu zen, beste askoren arteko bigarrena izango zela pentsatuta.

II. Programarekin lotutako materialak. Topaketa
Topaketan zehar partekatutako baliabide eta materialak aurkitu
-
Zainketen Trantsizio-taldea (ZTT) egoitza geriatrikoetan dauden pazienteentzat
13 azaroa, 2023
-
Koordinazio soziosanitarioko tresnen diagnostikoa
2023ko azaroaren 23a
-
Adinekoen egoitza-arreta soziosanitarioa. Pandemia osteko begirada bat
13 azaroa, 2023
-
Elkarreragingarritasun soziosanitarioaren jardun-ildoak
13 azaroa, 2023
-
Gobernantza soziosanitarioa
13 azaroa, 2023



