TRANSISLAB, landa-ingurunean hauskortasun-egoeran dauden pertsonen ongizatea hobetzeko gizarte-berrikuntzako proiektua
TRANSISLAB, landa-ingurunean hauskortasun-egoeran dauden pertsonen ongizatea hobetzeko gizarte-berrikuntzako proiektua
Transislab landa-eremuetarako bizitza-luzeraren gizarte-berrikuntzako mugaz gaindiko Living Lab bat da (https://www.transislab.eu).
Proiektua INTERREG-POCTEFA Programaren barruan dago, Eusko Jaurlaritzaren Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoko Sailak gidatzen du, eta partzuergo batek garatzen du. Partzuergo hori Nafarroako Gobernuak eta Hautes Pyrénées Departamentuak, Euskadiko, Nafarroako eta Pirinio Atlantikoetako gizarte-ekimeneko erakundeek, eta Eusko Ikaskuntzak, Nafarroako Unibertsitate Publikoak eta Deustuko Unibertsitateak osatzen dute.
Landa eremuko biztanleen ongizatea hobetzea du helburu, hauskortasun-egoeran dauden pertsonei eta laguntza-sareari arreta berezia eskainiz, erronka demografikoaren esparruan, bizitza osoaren, ekintza komunitarioaren eta belaunaldien arteko elkartasunaren ikuspegitik. Elkartasun hori laguntza formal eta informalen bidez egituratzen da, erakundeetatik, familia-zaintzatik, bizilagunen elkarrekiko laguntzatik, gizarte-ekimenetik eta enpresetatik.
Kontua da hauskortasun-egoeran dauden pertsonek bizitza osoa garatzen jarraitzea, beharrezko laguntzekin, egungo edo etorkizuneko ongizatea arriskuan ikusi gabe, autonomia funtzionala sustatuz eta gizarte-loturak eta laguntza-sare formalak eta informalak indartuz, gizarte-hauskortasunari helduz eta nahi ez den bakardadea prebenituz edo horri helduz, landa-ingurunearen ezaugarri espezifikoak kontuan hartuta.
Helburu horren esparruan, hauskortasun funtzional eta sozialaren tresna partekatu baten diseinua amaitzen ari da proiektua – Euskadin, Nafarroan eta Frantzian, gizarte- eta osasun-arloan, erabilitako tresnak aztertu ondoren –, bai eta diagnostikoarekin bat datorren arreta pertsonalizatuko planak egiteko gida bat ere.
Tresna horiek partzuergoko kideen aurretiko esperientziatik onena berreskuratzen dute, ikuspegi funtzional eta sozial bikoitza garatuz.
Laster sei proiektu pilotu abiaraztea aurreikusi da, hauskortasun-egoeran dauden pertsonen ongizatea eta gizarte-laguntzako sareak sustatzera bideratuak, komunitate-ekintzatik abiatuta, landa-ingurunean. Hiru Guardian (Araba), Muskizen (Bizkaia) eta Usurbilen (Gipuzkoa) egingo dira.
Proiektuaren bidez sortutako tresnak eta ezagutza eskuragarri egongo dira, eta aurreikusten da, pilotajearen ondoren, partzuergoak eskalatze-ekintza batzuk bultzatu ahal izango dituela, berrikuntza-zikloa erabat kudeatuz.
Nerea Melgosa Vega
Ongizate, Gazteria eta Erronka Demografikoaren sailburua


