Social foundations of health-ek argitaratutako "“Jendeak bizitzaren amaierako arretatik zer nahi duen: gizarte-kontratua huts egiten ari al da?” artikuluak bizitzaren amaierako zainketek gizarte-kontratua nola islatzen duten aztertzen dau. Kontratu hori huts egiten ari da Europako herrialde askotan.
Biztanleriaren zahartzea gorabehera, milioika hiltzen dira arreta egokirik gabe, bereziki kalteberenak. 28 herrialdetako datuak erabiliz gero, agerian geratzen da desberdintasunak daudela zainketak eskuratzeari, tokiari eta motari dagokienez. Gehienek etxean eta minik gabe hil nahi badute ere, errealitatea instituzionalizatu eta medikalizatu egiten da. Gainera, pandemiak areagotu egin zituen desberdintasun horiek. Lagundutako heriotzari buruzko eztabaida ere jorratzen da, autonomiaren adierazpen gisa. Ondorioz, premiazko ekintza politikoa proposatzen da, bizitzaren amaieran ekitatea, errukia eta duintasuna bermatzeko.
Kontratu sozialak esan nahi du gobernuek herritarren ongizatea zaindu behar dutela, bereziki une ahulenetan, hala nola bizitzaren amaieran. Hala ere, Europako osasun-sistemek oraindik ere batez ere ikuspegi medikotik tratatzen dute gai hori, giza alderdiak, alderdi espiritualak eta emozionalak alde batera utzita.
Esan bezala, gehienek etxean hil nahi dute, duintasunez, minik gabe eta maite dituzten pertsonez inguratuta. Hala ere, errealitatean, asko ospitaleetan hiltzen dira, instituzionalizatutako eta medikalizatutako baldintzetan, eta arreta gutxi jartzen diote ongizate emozionalari edo espiritualari.
Zainketa aringarriak behar dituztenen % 40k baino ez dituzte jasotzen beharrezko zainketa horiek eta desberdintasun sozioekonomikoek eragin handia dute: baliabide gutxiago dituzten pertsonek sarbide txikiagoa dute, kalitate txikiagoko zaintzak jasotzen dituzte eta nahi ez dituzten lekuetan hiltzen dira.
Frantzia eta Malta bezalako herrialdeek, adibidez, eutanasia lagunduari eta zainketa aringarriei buruzko herritarren kontsultak bultzatu dituzte. Ekimen horien helburua da politikak herritarren balio eta nahiekin lerrokatzea.
Eutanasiari gero eta babes handiagoa emateak bizitzaren amaieran kontrola eta duintasuna izateko beharra adierazten du, hiltzeko nahia baino gehiago. Zainketa aringarriak hobetzeak eskaera hori murritz dezake.
Identifikatutako premiak:
- Kalitatezko zainketa aringarrietarako sarbidea zabaltzea.
- Etxeko eta komunitateko arreta-ereduetan inbertitzea.
- Osasunaren gizarte-baldintzatzaileei heltzea.
- Arreta-ingurune guztiak ekitatez finantzatzea.
- Heriotzari eta duintasunari buruzko etengabeko elkarrizketa soziala sustatzea.
Artikuluak ondorioztatzen du gizarte batek bizitzaren amaieran pertsonak tratatzeko moduak bere balioak islatzen dituela. Kontratu sozialarekiko konfiantza berrezartzeko, bermatu behar da guztiak – ez soilik pribilegiatuak – duintasunez hil daitezkeela.
Informazio gehiago nahi izanez gero, "Osasuneko elkartasuna birpentsatzea" (Rethinking solidarity in health: Healing Europe's fractured social contract - Eurohealth, 2025) txosten osoa eskuragarri dago The European Observatory on Health Systems and Policies-en webgunean.


