Joan den apirilaren 26an aurkeztu ziren EHUk antolatutako 2026ko 45. Udako Ikastaroen eskaintza berria. Aurtengo edizioan 133 Udako Ikastaro eta 29 workshop programatu dira ekaina eta iraila bitartean.
Gaur egungo erronkei erantzunez, Uda Ikastaroek askotariko gai esanguratsuak bilduko dituzte, ziklo estrategikoen arabera egituratuta. Aurtengo edizioan, Kultura eta Artea, Gizartea, Osasuna, Hezkuntza, Zuzenbidea, Ekonomia eta Enpresa, Zientzia eta Teknologia eta Iraunkortasuna izango dira ardatz nagusiak.
Gehienak Donostian, Bilbon, Gasteizen eta Baionan egingo dira. Gainera, lurraldearen presentzia handitzeko asmoz, eskaintza Aramaio, Ataun, Beasain, Bermeo, Gernika-Lumo, Irun, Lesaka, Oñati, Ordizia eta Zaldibiara ere iritsiko da.
Jarraian, 2026ko edizioa osatzen duten Gizarte eta Osasun zikloen eta horietako bakoitzean aurki daitezkeen ikastaroen laburpena aurkezten da:
Gizartea
Gizartea zikloak hogeita zazpi ikastaroz osatutako eskaintza zabala biltzen du, egungo gizarte-erronka nagusiak ikuspegi anitz eta osagarrietatik lantzeko. Besteak beste, Derechos y Ciudadanía ante un mundo en crisis ikastaroak krisi globalek giza eskubideetan duten eragina aztertzen du; Kontzientzia-eragozpenetik bake-hezkuntzarak bizikidetzaren eta bakearen kulturaren eraikuntza jorratzen du; eta Europa eta Hego Globala multilateralismo inklusibo berri baten erronkaren aurrean proposamenak nazioarteko harremanen eta egungo erronka geopolitikoen inguruan sakontzen du. Halaber, Komunitateak ekinean: gizarteratzeko praktikak ikastaroak gizarte-kohesioa indartzeko bideak aztertzen ditu, eta Voluntariado sostenible: claves para transformar el futuro desde Euskadik herritarren konpromisoaren garrantzia azpimarratzen du. Oro har, zikloak prestakuntza-eskaintza anitza eta eraldatzailea eskaintzen du, analisi kritikoa eta gizarte-eraldaketa sustatuz.
Osasuna
Osasuna zikloak hemezortzi ikastaroko programa aberatsa biltzen du eta osasunaren ikuspegi eguneratu eta integratzailea eskaintzen du. Narratiba eta osasuna: Nola sortu osasuna sortzen duten istorioak? ikastaroak, adibidez, praktika klinikoa hobetzeko kontakizunen indarra aztertzen du; Itsasgora. Osasun arloko berrikuntzaren olatu eraldatzaileak etorkizuneko joera estrategikoak jorratzen ditu; eta Salud mental del personal médico: clave para el bienestar social proposamenak profesionalen ongizatearen garrantzia nabarmentzen du. Era berean, minbiziaren ikuspegi integrala lantzen da Sociedades que conviven con el Cáncer: evidencia, experiencias y perspectivas ikastaroan, eta komunikazioaren rola aztertzen da Sendatzen duen komunikazioa: nola saihestu gatazkak eta hobetu pertsonaren segurtasuna saioan.
Ziklo paralelo gisa, psikologia alorraren baitan egungo osasun mentalaren erronka nagusiak landuko dira.
Informazio gehiago nahi baduzu, hemen aurki dezakezu.


